Tolosa, Segura, Agurain, Ordizia...
Angel Rekalde | Idazlea Berria ,
18 de abril de 2006
Historiak badu zeresanik. 2006. urte honetan 750 urte betetzen dira euskal herri batzuen ustezko sorreratik. Agurain, Kanpezu, Tolosa, Segura, OrdiziaÉ Orduko zirkunstantzietan kokatzeko, gogora dezagun mende haren hasieran, 1200. urtean, Gaztelako armadak orduan Nafarroako erreinua zen Euskal Herriko mugei eraso egin ziela eta, kanpaina luze baten ondorioz, lurralde ugari kendu zizkiola.
Askotan, gertakari haien inguruan bertsio arras eztabaidagarriak, interesatuak eta faltsuak zabaldu dira. Gezur biribilak. «Borondatezko entregaren» ipuina kontatu digute; halaber, bada lurralde horiek Gaztelak bereganatzea koroarekin egindako «paktu» baten ondorioa izan zela dioenik. Errealitatea hauxe izan zen, ordea: Gasteizek, armadari aurre egin zion gune nagusiak, zazpi hilabetetik gorako setio gogorra pairatu zuen, amore eman baino lehen. Erasotzaileak atzera bota zituen 1199ko ekainaren 5etik 1200eko urtarrilaren amaierara bitartean.
Tomas Urzainki historialariak azaltzen duenez, «setioa bitartean, Gaztelako armadak Nafarroako gotorlekuak erasotzeari ekin zion, eta defentsarik gabeko herrietan razzia-k egiteari, haiek arpilatuz eta harrapakin ugari eskuratuz (...) Hiri eta gaztelu guztiak indarrez hartu zituen; batzuk suntsitu egin zituen eta beste batzuk errendiziora behartu, baina ezin izan zituen ez Trebiñu ezta Ibidako Portilla ere eskuratu (...) Beloaga (Oiartzun), Aizkorriz, Arluzea, Zaitegi, Marañon, Gasteiz, Auza-Gaztelu, Ataun, Aezorika, Irurita, San Vicente, Buradon, Alkazar, Kanpezu, Antoñana, Atauri, Kortesko Portela, Donostia eta Hondarribiko gotorlekuak harrapatu zituen». Nahiko garbi ikus dezakegu erasoa izan zela, benetako inbasio militarra.
Arpilatze, legez kontrako okupazio eta indarkeriazko gertakari haren ondoren, segurtasunik eza nagusitu zen Euskal Herrian eta, gainera, zatituta eta puskatuta gelditu zen; zatiketa hori, distantziak distantzia, gaur eguneraino iritsi zaigu. XIII. mendean zehar, Gaztelak foruak eta hiri-gutunak eman zizkien lehendik baziren herriei: Salvatierra bihurtutako Aguraini, gero Villafranca bilakatutako Ordiziari, Hernaniri, Hondarribiari, Lezori, Gasteizi, Tolosari, Segurari... Harresiak eraiki zizkien eta gerrarako hiri bihurtu zituen. Horrela, konkistatutako lurraldea defendatu egin nahi zuen Nafarroaren aldetik herri haiek berreskuratzeko ahaleginen aurka. Herritarrei pribilegio fiskal eta juridiko batzuk ematearen truke, zaintza-tropa gisa erabiltzen zituen. Gainera, herri haietako aldez aurreko foruak bertakoen ohituretan oinarriturikoak baziren, Gaztelako foruak erregearen subiranotasuna aldarrikatzen zuen (forua «eman» egiten zuen hark) eta, horrela, haren boterea eta agintea indartzen zituen.
Azpimarratzekoa da, dena den, eta Pedro Esarte historialariaren oharrak kontuan hartuta, herriak ez zirela populaziorik gabeko lekuetan sortzen, baizik eta bazirela aldez aurretik, eta erregeek erabili egiten zituztela Karta emateko eta haien babesle, arbitro eta epaile bihurtzeko, aldamenekoekin zituzten liskarretan. Horrek jaunaren edo erregearen aginte hierarkikoa onartzea zekarren automatikoki.
Gaizkileen muga
Horrela Gaztelak, armen bidez, muga artifiziala sortu zuen herrialde bereko herritarren artean, nazio bereko eta hizkuntza bereko jendearen artean. «Gaizkileen muga» sonatu hura etengabeko arazo, gatazka, krimen eta eskala handiko liskar armatuen sorburu izan zen. Tolosatik hurbil gertatutako Beotibarko gudua, kanpotik ezarritako ordenamendu eta lege arrotzen ondorioz senide ziren herrien arteko elkarbizitza haustearen adibide garbia dugu. Baina, halaber, orain ezagutzen dugun euskaldunen eta nafarren arteko banaketa zentzugabearen hazia da. Urzainkik dioenaren harira, Euskal Herriko herritarrak euskaldunak ziren hizkuntzaz eta nafarrak naziotasunez. Denak. Euskara lingua navarrorum zen. Nafarren hizkuntza. Erreinu independentea inposatutako mugaz haratago iristen zelarik, mugaz honakook «euskaldunak soilik» bihurtu ginen, nafarren Estatuko kide izan gabe, naziotasunik gabe, esango genuke gaur. Gaur arte iritsi da zatiketa hori.
Bide batez, euskaldunek historian zehar eraikitako Estatua zatikatu eta ahultzeaz gain, Gaztelak konkistaren beste helburu estrategiko bat bete zuen: kostaldeko portuetarako eta Europarako bide bat zabaltzea. Hala da; hiri horien sorrerak, muga zehazteaz gain, Gaztelak iparralderantz, Frantziako eta Flandeseko merkatuetarantz behar zuen irtenbidea eskaintzen zuen. Jose Luis Orella historialariak honela azaltzen du: «1256an, Alfonso X Jakitunak hiriak sortuz, Oria ibaiaren bidea hartu zuen Gaztelako artileak Atlantikoko portuetara helarazteko irtenbide natural gisa».Ez dugu ahaztu behar, dena den, dimentsio komertzial hori nahiz foruaren juridiko hori ez direla, inolaz ere, desinteresatuak. Izan ere, bide horretatik, Gaztelako botereak, populazio, hizkuntza eta ohituren aldetik berekin zerikusirik ez zuen lurraldean finkatzea zuen helburu. Pizgarri ekonomikoa, Orellak ongi azpimarratzen duenez, ongi kalkulatutako asimilatze-formula zen, familia, ohitura eta hizkuntza bereko jendearen aurka eraikitako mugako herriak gotortzea bezalaxe.
Izan ere, eredu ekonomikoa disoziatzea, herriak izenez aldatzea, Ahaide Nagusien bertako familia batzuen indarra sustatzea (Oinaztarrena, adibidez), horrek guztiak Estatu propioarekin loturak haustea eta akulturazio- eta deserrotze-prozesu bat bultzatzea zuen helburu.
Laburbilduz, horren ondorio negargarriak gaur egun arte iritsi direla ikusita, ez dago ospakizun handirik egiterik data ilun haien harira, ez eta hiri-sorrera haien harira ere, gure izen propioak kentzearen, gure independentzia historikoa galtzearen eta gerrako harrapakinen gainean eraiki baitziren.
|