Agirre da Arabako txapeldun berria, buruz burukoan Otamendi garaitu eta gero

Manex Agirre txapeldun

2011ko apirilaren 2a.
Ura bezala bere bidea egin du Arabako bertsolari txapelketak. Bete. Hori izan da Arabako bertsolari txapelketako leloa. Eta beteta. Hala sentitu da Manex Agirre aramaioarra txapelduna saioa bukatzean.

Arratsaldeko 17:30ean hasi zen bertsoaren festa. Printzipal aretoa 800 lagunek baino gehiagok bete zuten. Idoia Beitia gaijartzailearen esanetara aritu ziren Manex Agirre (626 puntu), Asier Otamendi (610,5 p.), Oihane Perea (413 p.), Ander Solozabal (401,5 p.), Iñaki Viñaspre (392,5 p.) eta Zigor Enbeita (390 p.).

“Txapela handia dago jokoan, hasi gaitezen jolasten”, iragarri zuen Viñasprek hasierako agurrean. Agirrek irabazi zuen guda. Saioa oso umoretsua eta arina izan zen, nahiz eta tarteka akats teknikoak izan ziren. Ander Solozabalek, saio dotorearekin estreinatu zuen Printzipaleko oholtza.

 Zortziko txikian hasi zen bertsolarien jarduna algara garraiatzen. Enbeita eta Solozabalek berotutakoa, Otamendi eta Agirreren ateraldiek lehertu zuten. Idoia Beitiak informatika irakaslearen azalean jarri zuen Agirre. Otamendi agertu zitzaion klasera, ordenagailua aurrenekoz pizten zebilen 65 urteko jubilatua. “Pizteko ez du ba egin, horrelako proba / Barka Asier hau ez da zure tostadora!”, kantatu zuen lehenengo bertsoan Agirrek. Bigarren alean, Otamendik zazpi diotria dituela eta “windowsak lainotuta” zituela abestu zion. Hirugarren bertsoa honela borobildu zuen: “Azkena zer egin dun behar dugu jakin / sagua hil nahi zuen matarratasakin”. Otamendik ederki erantzun zion ale bakoitzari eta sagua azkar mugitzen dela eta, hurrengo klasera “zepo eta guzti” agertuko zela ohartarazi zion.

Puntu erantzunetan Viñaspre defendatu zen hobekien. “Hauteskundeak laster izango ditugu” hasieradun bertsoa honela amaitu zuen; “Ta bozkatuko dudan enago seguru/ Nahiz bertan egotea den nire helburu/Hori Madrilen batek erabakiko du”.

Hamarreko txikian osatutako ofizioek margotu zuten irri gehien zaleen artean. Finaleko bertso aldirik txalotuena eta algaratsuena Solozabalek Agirrerekin egindakoa izan zen. Agirre, Solozabalen bikotea bihurtu zuten. Lan kontuak direla eta, ordenagailua ohera eraman zuen Agirrek. Solozabalek bikotea zirikatzeari ekin zion: “Bera gaueko errege, oheko barbaro /.../ sagua klikatzeaz nazkatuta nago”. Agirrek Oihane Perea bezala haurdun ez geratzeko honela erantzun zion: “Mesillako kajoia har zazu helburu /antibirusa jantzi beharra daukagu”. Honela bukatu zuen ariketa Solozabalek: “Hardwarea sartzen bada a ze komeria!/baina esan behar dut behingoaz egia/nahiz ta esan duzula pendraifa handia/zure portatilak du orain aberia/agudo bukatuko zaio bateria!”.

Bakarkako lanetan ale politak entzun ziren. Otamendiren erregulartasunak buruz burukoan sailkatzea ekarri zion. Perea, Solozabal, Viñaspre eta Enbeitak lan txukuna egin zuten, baina epaileen iritziz Otamendi eta Agirre ibili ziren koska bat gorago. Pereari, zaharren egoitzara aitonaren gauzen bila joatea egokitu zitzaion. “Amona joan zen ta gero, Apurka itzali zara/Eta bizitzen jarraitzeko barruko indarra behar da!”, jakinarazi zuen.

Buruz burukoan bereganatu zuen txapela Agirrek. Seiko motzean hiruna bertso bota zituzten. Ondoren, kartzelako lana osatu behar izan zuten,ispiluari begira burua desberdin ikusten zuten pertsonaren larruan. Agirrek atera zion mamirik gehien lanari, jubilatu baten paperetik. Hona bigarren bertsoa: “Gazte garaian ederra nintzen,
Hortaz, egin nuen gala/Ta bost inporta edadearen pisua eta itzala/Jakin zazue bizi zikin hau mendi errusiar bat dala/Eta denborak ekartzen digu gora behera mundiala/Ispilu aurrean ipini eta ohartu naiz berehala/Gailurreraino iritsi eta maldan behera noala!”.

Printzipala, beteta
Antolatzaileen hitzetan inoizko finalik jendetsuena izan da aurtengoa. Sarrerak agortu egin ziren, eta bertsozale bat edo beste kalean geratu zen.

Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariak eta Blanca Gomez de Segura artisauaren eskutik eskuratu zuen txapela eta oroigarria. Txapela, familiari eta kartzelan 30 urte preso daramatzan Jon Agirre preso aramaioarrari eskaini zion. Datorren urtera arte, beraz, bertsolari txapelketak hutsik utzi du Araba. Edo, beteta.

ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA

hasiera
 Unai Mendibil eta  Zigor Enbeita Agurainen
Manex Agirre txapeldun (Haizea Pastorren argazkiak).
Hasiera - Galeria - Bisita - Natura - Arkeologia - Plenoak - Iritzia - Agenda
Copyright 2009 . Gure helbidea: Agurain.org - Agurain 01200 - Araba (Euskal Herria) e-posta administrador@agurain.org