Ildo horretatik, tinko eskatzen dugu pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen agertoki bat, Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Legedian eta Nazio Batuen Erakundeak orain arte garatutako araudietan ezarritako printzipioak oinarri izango dituena. Agertoki horretan, bide bakarra izango dugu, alegia, eskubide zibil eta politiko guztiak –indibidualak zein kolektiboak–, baliatzea, salbuespen-egoerak edo –ekintzak alde batera utzita, hitza euskal herritarrei emanez eta haiek hartutako erabaki burujabe eta demokratikoa errespetatuz.
Gure konpromisoa erakutsi dugu, beraz, eta BESTE HAINBAT ERAGILEK ERE EUSKAL HERRIARENTZAKO AGERTOKI POLITIKO BERRI BAT SORTZEKO EKARPENAK EGIN DITUZTE. Aitzitik, Espainiar Estatuko Gobernuak agerian utzi du borondate eskasa duela Euskal Herrian bizi dugun bortizkeria-egoerari eta gatazka politikoari irtenbidea emateko; etengabeko probokazioak eta oztopoak dira horren adierazgarri.
ETAK EKINTZA ARMATUAK ETETEKO ALDE BAKARREKO ERABAKIA HARTU BADU ERE, azken hilabeteetako eskubide-urraketak kezkagarriak dira oso: batetik, oinarrizko eskubideak galdegiteko irailaren 11rako deitutako manifestazioa debekatu egin zuten; bestetik, poliziak egindako operazioetan hainbat lagun atxilotu dituzte, bai eta legedi antiterrorista eta inkomunikazio-erregimena aplikatu ere. Atxilotuen artean, gainera, Gernikako Akordioa (“Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa”) sinatu zuten erakundeetako ordezkariak daude.
Hainbat erakundek izenpetutako akordio horretan, besteak beste honako eskaera hauek egiten dira argiro:
1 “ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.”
2 “Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.”
3 “Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.”
Gertakari horiek ikusita, pausoak ematen hasteko garai da, hitz horiek hitz hutsak izan ez daitezen; izan ere, gure gizartean sortzen ari den agertoki berria sendotzeko, ezinbestekoa da guztiok konpromisoak hartzea eta ekarpenak egitea. Hori dela-eta, euskal herritarrei mobilizatzeko deia egiten diegu, hain zuzen ere, antzeko gertakariak errepikatu ez daitezen eta, denon artean, bakea eta normalizazio politikoa eraiki dezagun Herri honetan.
1.- Konpromisoa adierazten dugu, Euskal Herrian irekitako prozesua garatzen eta sendotzen laguntzeko eta, prozesu horren bidez, bakea eta normalizazio politikoa erdiesteko, soilik bide politiko, baketsu eta demokratikoak erabiliz eta prozesu hori oztopatzeko egiten diren ahalegin guztiak salatuz, edozein dela ere ahalegin horien erantzulea. Alde horretatik, ETAri eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu erabaki eta ekimenak abian jarri ditzaten, normalizazio politikoa pixkanaka ekarriko duen bortxakeriarik gabeko garantiazko agertoki bat osatze aldera.
2.- Salatu egiten dugu Ikasle Abertzaleak eta GAZTE INDEPENDENTISTAK erakundeetako kideen atxiloketa. Erakunde horiek GazteHerria-ko partaideak dira, Gernikako Akordioa izenpetu dute eta Euskal Herrian agertoki politiko berri bat sendotzen lanean ari dira buru belarrirekin konprometituta daude. Udal honek, halaber, elkartasuna adierazten die atxilotuen senideei.
3.- INKOMUNIKAZIOA bertan behera uzteko exijitzen dugu. Atxilotutakoei aplikatu zaien erregimen horren bidez, inpunitateko eremu ilunak sortzen dira, torturak eta tratu txarrak ahalbidetzen dituztenak. Halaber, tortura eta tratu txarrei aurre egiteko neurri sistematikoak aplikatzeko eskatzen dugu, eta, bereziki, atxilotze-instalazioak bideoz etengabe zainduta egoteko eta atxilotuen osasun-azterketak beraiek aukeratutako medikuek egiteko.
4.- Herritarrei dei egiten diegu atxiloketak salatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartu dezaten.
5.- Mozio honen edukia ondokoei helaraziko diegu: Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko talde guztiei, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariei, Espainiako eta Frantziako Gobernuetako Barne ministroei eta Espainiako eta Frantziako presidenteei.