Prentsa oharra

Euskararen bidea Agurainen

2010ko irailak 19
Agurain XVIII. mendearen bukaera-arte herri euskalduna izan baldin bazen ere, Espainiarrek hiru belaunaldi nahikoak izan zituzten gure hizkuntza zapaldu, ordezkatu eta herria erabat erdalduntzeko.

Datorren irailaren 25ean Agurainen “EUSKARAREN BIDEA AGURAINEN” izenburupean aurkeztuko dugun proiektuaren helburua 1967. urtetik gaur egunera arte Agurainen euskarak izan duen bilakaera soziala dokumentatzea da.

Helburu hau gauzatzeko, ia 45 urte hauetan euskararen berreskurapenean lanean ibili diren eta dabiltzan 100 protagonista ezberdin baino gehiagoren testigantza zuzenak jaso eta transkribatu ditugu Itziarrek liburu forma eman ziezaion.

Testigantza hauez gain, kolaborazio bereziak ere izan ditugu: Arabako euskarari buruz hainbat ikerketa egin dituzten Koldo Zuazo EHUko irakaslea eta Kike Fdez. de Pinedo irakaslea batetik eta Txema Preciado aguraindarraren ekarpenak bestetik.

Arabera argitaletxea eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz argitaratuko dugu lan hau datorren irailaren 25ean Aguraingo Harresi Aretoan arratsaldeko 7etan.

Liburuan eta DVDan bildu dugun lan hau ere auzolanaren ondorio da, eta ezinbestean eskerrak eman nahi dizkizuegu honetan ere parte hartu duzuen guztioi. Auzolana eta belaunaldien arteko transmisioa dira, besteak beste, geroa eraikitzeko giltzarri. Lan honen bidez, geurean euskara berreskuratzeko egindako bidea dokumentatu eta transmititu nahi dugu, horrela, ibilbidearen hurrengo tarteari ekiteko. Orain arte egindako bideak konpromiso pertsonal eta kolektiboa uztartzeak daukan garrantzia erakusten digu. Baina urrats garrantzitsuak eman badira ere, oraindik ez dugu  euskara normalizatzerik lortu.

Hortaz, aurrerantzean ere, ohiko jarduerez gain, euskara berreskuratzen jarraitzeko egunerokotasunetik at dauden ekimen pertsonalak, sozialak eta instituzionalak ere ezinbestekoak izango dira.

Euskara berreskuratzen egindako bideak erakusten digu ildo berari jarraituta aurrera egin dezakegula. Beraz, etorkizunari begira ere, orain arte funtsezkoak izan diren hitzak azpimarratu nahi ditugu: Euskara eta euskal izaeraren kontzientzia. Esan eta egin, auzolana eta konpromisoa, ilusioa eta etorkizuna.

Euskararen bidea Agurainen: Iraganean beltz, orain amets, bihar baietz!

AGURAINGO EUSKALGINTZA

aurreko berriak
Euskararen bidea Agurainen
Euskalgintzako hainbat partaide
Euskalgintzako hainbat partaide, irailaren 25ean aurkeztuko diren DVD eta liburuari buruzko prentsaurrekoan..
Hasiera - Galeria - Bisita - Natura - Arkeologia - Plenoak - Iritzia - Agenda
Copyright 2009 . Gure helbidea: Agurain.org - Agurain 01200 - Araba (Euskal Herria) e-posta administrador@agurain.org