Errioxako bertsolariak Orlando Arreitunandia, Edurne Azkarate eta Endika Sarabia izan ziren, eta Aiarakoak, Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio López, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Hala ere, gogoratu behar da bertsolariak ez ezik epaileak, gai jartzaileak, sukaldariak, soinu teknikariak eta argazkilariak osatzen zutela talde bakoitza.
Bazkaria “Azkenak” txokoan ospatu zen: patatak txorizoarekin, baserriko oilaskoa eta etxeko postrea, izan zen menua, bertako ardoak (Ondalan bodegakoa) lagunduta.
Entzuteko hurbildu ziren 80 lagunak giro ederrean murgildu ziren. Bertso saioa oso alaia eta animatuta izan zen, bertsolari guztiek bere onena jarri zuten eta esan bezala, Aiarako taldea izan zen irabazlea; talde honek Lautadakoaren aurka ere irabazi zuen, beraz aurrera egingo du txapelketan eta apirilaren 11an Zigoitian hasiko diren finalerdietan parte hartuko du Aramaio eta Gasteizko Kakiturri-Ehairekin batera.
Aipatu beharra dago ere bai, Arabako Bertso Sorten lehenengo lehiaketaren barruan, Amurrioko Ai Zapotxin eta Errioxa taldearen arteko leian Errioxakoak izan zirela irabazleak, beraz Amurrion apirilaren 25ean, azken finalerdian, defendatu beharko dituzte beraien bertsoak.
Egun zoragarria, bada, Oionen, ardoaz gain bertsoz blai egin genuen hartan!
Arabako Bertsozale Elkartea
