Agurainen euskaraz bizitzea ez da erraza eta ezagutzaren arloan aurrerapauso izugarriak eman diren arren, hori ez da erabileran maila berean islatzen. Klasetik edo euskaltegietatik kanpoko eremu gehienetan erdara da nagusi, eta ondorioz erabilera hori ez da berez ematen, eta planifikazio minimo bat behar izaten du askotan. Berbalagun egitasmoa horretara dator, euskaldunok eta euskara ikasten ari garenok euskaraz hitz egiteko aukera gehiago izan dezagun, aurten Agurainen euskararen eragileok inoiz baino indartsuago den berbalagun programa martxan daukagu.
Aguraingo udala, Lautadako AEK eta Olbea euskara elkartea dira egitasmo honen sustatzaileak. Partaide guztion helburua Aguraingo gainontzeko talde, elkarte eta gizabanakoekin elkarlanean hastea da, euskararen normalkuntza prozesuan denon ahalegina eta ekarpenak beharrezkoak baitira.
Berbalagunen helburuak bi dira: Aguraingo euskaldunok elkar ezagutzea eta bestetik ikasten ari diren ikasle zein edozein aguraindarrek praktikatzeko aukera gehiago izatea.
Matrikulazio kanpaina zabalik dago eta berbataldeak Aste Santua pasa ondoren hasiko dira biltzen.
Berbalagun egitasmoan parte hartuko dutenek EHUn kredituak lor ditzakete, UEUn matrikula prezio erdian, BERRIAren asteburuko harpidetzan %50eko deskontua eta AIZU aldizkaria merkeago.
Hemendik aurrera Aguraingo euskaldunon sarea indartuz joango da, euskara ikasten ari direnek hitz egiteko aukera gehiago izango dute eta euskara kalera aterako dugu. Badakigu lan handia dagoela oraindik egiteko, baina gogotsu ari gara euskararen alde.
Egitasmoan izena emateko: Aguraingo AEK euskaltegian eta Aguraingo Udalean.
Harremanetarako: lautada@aek.org
Telefonoa: 945-300408![]()