Muga guztien gainetik independentzia

Agurain, 2009 maiatzaren 26
Aurten ere, berriro igoko gara. Hitzordua, maiatzaren 31an da. Urtero bezala, arabarrak Lezetik igoko dira, nafarrak Ziordiko Gaztetxetik eta gipuzkoarrak Zegamako plazatik. Bazkaria Ziordin izango da aurten.
Hirumuga mendi tontorra Gipuzkoa, Araba eta Nafarroarekin muga egiten duen tontorra da.
1996. urteko aberri egunaren bezperatan Agurain, Araia eta Ziordiko hainbat lagun bildu ziren hiru herrialdeen eta hiru eskualdeen artean zegoen mendi tontorrean zerbait antolatzeko asmoz. Garai hartan Ezker Abertzalean nazio eraikuntzaren bidea abiatu zen. Garrantzitsua ikusi zen mendiaren alde bateko eta besteko euskaldunek eta abertzaleok harremanak sakontzea. Horregatik, Aberri eguna ospatu baino astebete lehenago bertara igo eta plakatxo bat jartzea erabaki zen Ziordian. Izan ere, arabarrek egindako proposamena aukera paregabea zen, Euskal Herria herri bakarra dela adierazteko, mendiek ez baitute inposatutako mugez ulertzen. Hiru eskualde, hiru herrialde eta estatuak inposatutako bi erkidego batzen ditu Hirumuga mendiak, baina igoera horren bidez mendiaren hiru aldeetako euskaldunok helburu berdina dugula erakutsi nahi izan genuen lehenengoan. Eskualde bakoitzean ideiaren berri eman, jendeari ideia gustatu eta aurten 14 urte beteko dituen festa martxan jarri zen. Arabako Lautada, Nafarroako Sakana eta Gipuzkoako Goierri dira festa hau antolatu eta ospatzen dutenak
Lehenengo urte horretan baliabide handirik gabe antolatu zen igoera. Eskuz egindako kartel gutxi batzuk, mendi tontorrean jartzeko plaka txiki bat eta dantzari bat besterik ez zen behar izan. Hau da, ilusioa eta gogoa.
14 urte pasatu dira lehenengo Hirumuga horretatik. Festaren antolaketan ere asko hobetu da, baliabide gehiago eta urtero egiteak ematen duen esperientzia. Horregatik, gaur egun festa hau finkatuta dago hiru eskualdeetan urtero hitzordua baitugu maiatz-ekain inguruan. Jai giroan egiten den arren aldarrikapen egun bat da. Euskal Herriak bizi duen zatiketa egoera salatuz, mugak apurtzeko ideiarekin Euskal Herriaren independentzia beharra zabaltzen da lau haizetara Hirumugako tontorretik. Eta tontorretik jaisterakoan bazkari herrikoia egiten da, hiru eskualdetako abertzaleen arteko harremanak sendotzeko. Hasieran, bazkaria Ziordian egiten zen beti baina Agurainera ere eraman izan da bi urtetan eta beste behin Araiara.
Hamalau urte eta hamaika bizipen. Gure herriak urte horietan guztietan bizi izandakoa, Hirumugan islatu izan da urtez urte. Errepresioaren salaketa, bake prozesuen itxaropena, hauteskunde emaitza onak, ilegalizazioak, herriaren babesa...garai zailak, ilusioz beteriko garaiak...baina urtero igo izan gara hutsik egin gabe.
Aurten ere, berriro igoko gara. Hitzordua, maiatzaren 31an da. Urtero bezala, arabarrak Lezetik igoko dira, nafarrak Ziordiko Gaztetxetik eta gipuzkoarrak Zegamako plazatik. Bazkaria Ziordin izango da aurten.
|