Sustraiak errotuz Arabako bertsolari txapelketa finalerdietara iritsi da
Agurain, 2009 martxoa 2
Asteburu honetan jokatu dira Oionen eta Zalduondon azken bi kanporaketak eta Asier Otamendik eta Rikardo Gonzalez de Duranak bildu dute puntu gehien
Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak Zalduondoko saioan erabaki dira. Bigarren kanporaketa, ostiralean Oiongo “La cueva” jatetxean ospatu zen “ABTX09ko” bigarren final-laurdena. Idoia Beitiaren esanetara Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa, Alberto Martinez “Beitto”, Ander Solozabal, Izar Mendiguren eta Xabi Igoa aritu ziren kantuan. Saio polita eta txukuna osatu zuten sei bertsolariek, baina Otamendiren maisutasunak ez zuen hutsik egin eta egindako lana puntuek itzuli zioten. Aramaioarrak fin ibili ziren, Andere ariketa guztietan erregular jardun izanak bigarren postua eskuratzea ekarri zion. Xabi Igoak aldiz, aurreneko txapelketa zuen arren , ale politak utzi zituen saioan zehar. Izar Mendigurenek izandako irristadak, bakarkakoan estali zituen. Ander Solozabal poto batek utzi zuen finalerditatik kanpo baina ondo aritu zen. Bettok ofizioak hotz hasi bazituen ere bakarkako lanean maila ona erakutsi zuen.
Borregehitahamarretik gora lagunen txalo artean, bertsolariek bi saioetan egin beharreko lana honakoa izan zen: binaka ofizioka zortziko handi eta txikian hiruna bertso eta banaka puntuari erantzun bat eta hitz bati bertsoa neurri eta doinu librean.
Oioneko saioan denek utzi zuten ale gogoangarriren bat. Zortziko handian Arriolabengoa eta Mendigurenen bertsoaldiarekin batera Xabi eta Asierrena txukun Joan ziren. Idoia Beitiak bi etorkinen paperean jarri zituen azken hauek. Xabik sorterrira itzultzeko asmoa zuen eta Asierrek ordea ez. Txapelketako gazteenak ziurtasunez eman zuen bere erabakiaren berri " baina ni hemendik banoa eta oraintxe bertan laguna/han behintzat jaso behar baitugu familian maitasuna". Asierrek ausarta eta indartsua zelako nolabait behar zuela irten erantzun zion "nere lepoak ez du ikasi atzera jira egiten". Zortziko txikian Andere eta Asierren bertsoaldia izan zen hoberena. Solozabal eta Igoak ere ofizio umoretsua osatu zuten gazteenak izan arren 0heldutasuna erakutsiz. Puntu erantzunetan Mendiguren eta Otamendirena izan ziren borobilenak eta hitzaren ondotik epailearen erabakiak merezimendu osoz Asier Otamendi jarri zuen lehenengo postuan 162 punturekin. Bigarren Andere Arriolabengoa izan zen 148 punturekin. Hirugarren Izar Mendigurenek egin zuen, 138 punturekin eta beraren atzetik puntu gutxira Xabi Igoa (137p.), Ander Solozabal (135.5) eta Alberto Martinez “beitto” (133.5p) geratu ziren.
Hirugarren eta azken kanporaketa Zalduondoko “Korta” txokoan burutu zen. Lierni altunaren gidaritzapean hirurogehitik gora lagun gerturatu ziren Iker Agirre, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego, Jagoba Apaolaza, Oihane Perea eta Rikardo Gonzalez de Durana entzutera. Azken honek lortu zuen puntuaziorik altuena, eta hortaz, finalerditarako zuzeneko txartela. Gainontzekoek epaimahaikoen azken erabakia itxaron behar izan zuten finalerdietan parte hartuko zuten edo ez jakiteko. Saioa bizia eta polita izan zen.
Zortziko handian Viñaspre eta Agirrek heldu zioten hoberen Altunaren gaiari. Rikardo saio osoan zehar erregular aritu zen eta honek aurreneko sailkatzea ahalbidetu zion. Zortziko txikian saioak gora egin zuen eta entzuleen artean txaloak eta algarak nagusitu ziren. Apaolazak Samaniego baserritarraren gonbidapena onartu eta lehenbizikoz txerria nola hiltzen zuten ikustera joan zen, baina txerriaren lehenengo garraxiak zuri-zuri utzi zuela esan zion gaijartzaileak . Ekaitzek "lasai zuri ez dizut berdina egingo" kantatu zion lehenengo bertsoan. Iñaki Viñaspre berriz, Rikardo Gonzalez de Durana domadoreak zirkorako hautatutako lehoia izan zen. Viñasprek gogor ekin zion lehoiaren paperetik "ikuskizuna bada zure helburua/nik ahoa ireki ta sartu burua" egin baizion orro . Domadore ausarten pare, lehoien gisa fin portatzeko eta "sartuko dut burua baina kosk ez egin" erantzun zion Rikardok. Oihane Pereak saio polita egin zuen eta poto bat medio nahiz eta lehenengo ez sailkatu, txapelaren lehian aintzat hartzekoa dela demostratu zuen.
Puntuak puntu eta hitzak hitz, azken kanporaketan: Rikardo Gonzalez de Durana (154 puntu) eta Oihane Perearen atzetik (152.5p), Iñaki Viñaspre (148p), Ekaitz Samaniego (137p), Jagoba Apaolaza (134p) eta Iker Agirre (129p) geratu ziren.
Kobazulo eta kortatik finalerdietara
Parte hartze handi eta arrakasta artean beraz, Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak erabakita geratu dira.Hala, martxoaren 15ean Zigoitiako kultur etxean 17:00tan kantatuko dutenak Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi , Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki viñaspre izango dira. Aramaioko kultur etxean berriz Asier Otamendik, Zigor Enbeitak, Andere Arriolabengoak, Ruben Sanchezek, Oihane Pereak eta Xabi Igoak borrokatu beharko dute apirilaren 4ean printzipal antzokian ospatuko den finalean aulkia lortzeko.
|