Aguraingo Informazioa www.agurain.org clear1x1.gif
clear1x1.gif
clear1x1.gif

Inicio
Natura
Galería
Plenos
Arqueología
Visita
Opinión


Agenda
Eskualdea

Nuestra dirección

 

Aguraingo Udala

 

2008. EKITALDIRAKO ORDENANTZEN HASIERAKO ONARPENARI ALEGAZIOAK

 

Ondorengo alegazioak, zilegitasun demokratikorik ez duen Aguraingo Udaleko Udalbatzak hartutako hasierako onarpenaren erabakiaren aurrean aurkezten dira. Azken hauteskundeen emaitzen arabera, egungo Udalbatzak ez du aguraindarron borondatea ordezkatzen. Instituzio honek ez du  518 aguraindarren erabakia errespetatzen,  egoera ez demokratikoak baldintzatutako udal hauteskundeetan beren boza EAE-ANV udal hautagaitzako hiru ordezkariei eman zietenen erabakia ez da errespetatzen.

 

EAE-ANV Udal Taldetik 182.2. artikuluaren ezarpena exijitzen dugu; hau da, hauteskundeetan hautatuak izan ez diren zinegotzien dimisioa eta zilegitasun osoz hautatuak izan ziren EAE-ANVko hiru zinegotzien izendapena aurrera eramatea. Aguraindar GUZTION eskubide politikoak berreskuratzea ezinbestekoa da udalari dagozkion gaiak, ordenantza hauek barne, era demokratiko batean eztabaidatu eta onartu ahal izateko. Ez da bidezkoa gure herriko sektore politiko batek, gizartearen beharrak kontuan hartu gabe eta lege arrotzak aprobetxatuz garatu nahi izatea gai publikoen kudeaketa.

 

 

Izaera orokorreko hausnarketak

 

A) Ordenantzei dagokienez, harritu egiten gaitu Aguraingo Udalaren jokaerak,  hautesleon %25aren eskubide politikoak ukatu eta udal zerga edo tasak antolatu eta kobratzeko dugun proposamena eztabaidarako ere ez baitu onartzen. Harrigarria da, baita ere,  zuek bakarrik erabakitzen dituzuen zergak aguraindar GUZTION poltsikoetatik ordaindu nahi izatea. Erabakietatik at uzten bagaituzue, ez al zenukete hautesleen %25 hori zuen tasen eta zergen ordainketatik ere kanpo utzi behar? Zergak ordaintzeko guztiak gara aguraindarrak eta  zerga hauek antolatu eta kudeatzekoan, aldiz, zuek bakarrik duzue erabakitzeko eskubidea. Honelakoxea da zuen demokrazia.

 

B) Azken urte hauetako politika fiskalean zerga eta tasen igoera izan duzue oinarri: igoera basatia zaborren bilketan, haurtzaindegian eta beste hainbat zerbitzutan. Baliteke urte batetik hurrengorako igoera hain nabaria ez izatea, baina izandako igoera hauek oso datu esanguratsu bilakatzen dira KPI-aren zein langileon soldaten igoeren aldean. Urtean zehar izandako irabaziak ezagutarazi behar dituen enpresa baten modura ari da Aguraingo Udala, pixkanaka, zerbitzu publikoak garestitzen. Gainera, ahaztu egiten zaio  herritar edo enpresen erosteko ahalmena kontutan hartzea eta zerga-bilketetan horren araberako baremoak, hobariak edo zerga-salbuespenak ezartzeko irizpideak markatzea. Aguraingo Udalak eskuineko politika egiten jarraitzen du.

 

C) Ordenantzetan jasotzen diren hobariei zein zerga-salbuespenei buruzko ezjakintasuna nabaria da herritarren artean; beraz, Udalak informazio hau aguraindar guztien etxeetara bidaltzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu.

 

D) Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Legea onartu zenetik 25 urte igaro diren honetan, Aguraingo Udalak ebazpenak bete gabe jarraitzen du; betetzen ez diren ebazpenen artean adibidez, “Udalaren Araudien xedapenen eta ebazpen ofizialen idatziak elebidunak izatea.”

 

E) Ordenantza batzuk aldatu ez diren arren, ez eta ALHAOn argitaratu ere, honako proposamen hauek egin nahi ditugu. Zinegotzi hautatuak garen heinean proposamenok Batzordean egitea zegokigun baina, zoritxarrez, ez dugu Batzorderako alkatetzak egindako deialdirik  batere jaso.

 

 

ORDENANTZEI ALEGAZIOAK

 

1) Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

 

Diputazioak eskatuta duela gutxi eraldatua izan den ordenantza honi beste aldaketa bat egiteko akordioa proposatzen diogu Udalari, hurrengo puntuak onartuta

 

 Hobariak:

 

1. Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuotan %75eko hobaria izango dute Babes Ofizialeko Etxebizitzek, izaera soziala duten etxebizitzek eta, orokorrean, Uztailaren 30eko 212/1996 Dekretuaren 16. artikuluan araututako izaera soziala duen etxebizitza orok.

 

2. Udalak zerga honen kuotaren %50eko hobaria eskainiko dio, jarduera nagusia nekazaritza zein abeltzaintzaren sektorean duen orori.

 

3.  Familia ugariak: 120m² baino gutxiagoko tipologia kolektiboko etxebizitzek zerga honen kuotaren %50 eta %90aren arteko hobaria izango dute, beti ere, familia ugaria osatzen duten jabeen bizilekua baldin bada.

 

 

Zerga-Salbuespenak: Salbuespenen testutik hurrengo esaldia kendu: “Estatuaren jabetza dutenak eta Defentsa, hiritarren segurtasuna zein espetxe zerbitzuekin zuzenean lotuak daudenak.”

 

Katastroaren eraberritzearekin eman ziren igoera basatiak kontuan hartuta, zerga hau legealdi guztian zehar aldatu gabe mantentzeko konpromisoa hartzea proposatzen dugu. Azken 8 urteetan OHZgatik Udalak izan dituen diru-sarreren igoera %136koa izan da, KPIaren igoera %29,2koa izan den bitartean. Bestalde, Udalak, Diputazio eta Batzar Nagusiei, OHZn igoera garrantzitsua eragingo duen balore katastralen berrikuste orokorrik ez egiteko exijitu beharko die.

 

 

2) Ekonomia Jardueren gaineko Zerga

 

2004. urtetik indarrean dagoen zerga honi dagokion onartutako hobaria bertan behera uztea planteatzen dugu. Onartutakoa enplegu finkoan egiazko eragina izateko neurria izan beharrean, enpresa zehatz batzuei isilpeko dirulaguntza emateko bidea da, kontra-prestazio sozial errealak ondorioztatu gabe. Horrez gain, onartutako testua zehaztu gabea eta gutxi landua dagoela ikusten da eta orain arte ez duela inolako emaitzarik izan.

 

 

3) Etxez etxeko edateko ur horniduraren eta estolderiaren gaineko zerga

 

Edateko ur hornidura eta estolderiagatik Udalaren diru-sarrerak zerbitzuaren mantentze lanen gastuen %138 gainetik egotera iritsi dira, eta ez dago hornidura sareen amortizazioaren gasturik, ezta obra berririk ere, alde hau justifikatzen duenik. Azkeneko 4 urteetan justifikatutako gastuak berdintsu mantentzen diren bitartean, diru-sarrerak %70 igo dira; urte hauetan KPIak %13ko igoera izan duen bitartean salneurri minimoa %31 igo da eta, hala eta guztiz ere, datorren urterako Udalaren proposamena, oinarrizko zerbitzu honen hiruhileko salneurri minimoa  %5,43 igotzea da KPIa %2,7 igo den bitartean. Zerbitzu honen kostuen justifikazio faltan eta azken urteetako igoera basatian oinarrituta, gure proposamena salneurri hauek igoerarik gabe mantentzea da.

 

Aldi berean, tasa honen salbuespena proposatzen dugu, bizikidetza unitatean oinarrituta, hurrengo baldintzak betetzen dituztenentzat.

 

BIZIKIDETZA UNITATEA

TASA-SALBUESPENA

Pertsona bat

GLSa baino diru-sarrera txikiagoa

2 pertsona

Diru-sarrera 1,25 aldiz GLS baino txikiagoak

3 pertsona

Diru-sarrera 1,50 aldiz GLS baino txikiagoak

4 pertsona

Diru-sarrera 1,75 aldiz GLS baino txikiagoak

5 pertsona

Diru-sarrera 2,25 aldiz GLS baino txikiagoak

  

Zerga-salbuespenerako irizpide hau zerbitzu publikoak emateagatik eta administrazio jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantzan ere aplikatzea proposatzen da.

 

4) Zerbitzu publiko eta administrazio-jarduerak burutzeko tasak

 

A idazpurua.- Zabor-bilketarako zerbitzu publikoa

 

2007. urteko ekitaldirako 86.347 euroko kostea balioesten den bitartean, urte bereko diru-sarrera 136.000 eurokoa izango da. Plazaratutako txostenean beste hainbat gastu aipatzen dira; hala ere, ez da zehazten inolako kopururik, ezta ordenantza honetan sartu behar direla justifikatzen duen argudiorik ere.

Zentzu horretan, azpimarratzekoa da zabor-bilketa pneumatikoaren ezarpenari buruz jasotzen den aipamena. Izan ere, onartezina da tasa honetan sartu nahi izana udalak urtero ordaindu behar izango duen 253.000 euroko kostea (gehi BEZ), 30 urtez, zerbitzu hau martxan jartzearen ordainsarian.

Zabor-bilketa pneumatikoa zerbitzu garestiegia da Agurain bezalako herri baterako eta erabakia herritarrekin kontsultatu behar zen, gure ustez, baina udalak ez  du horrelakorik egin nahi izan. Bestalde, zerbitzu horren kostearen kudeaketa ez da behar bezala egin, enpresa bakar bati egin baitzaio eskaintza. Zabor-bilketa pneumatikoaren mantentze-lanen kostua erabat ezezaguna da; badaezpada ere, azken 4 urteotan tarifen igoera KPI-arena baino askoz handiagoa izan da, inolako justifikaziorik gabea, herritarrok bat-batean antzeman ez dezagun bilketa pneumatikoaren ezarpenak izango duen kostea.

Kontuan izar behar dugu egungo diru-sarrerak zerbitzuak eragiten dituen gastuak baino askoz handiagoak direla. Bestalde, azken 4 urteotan %146-ko igoera jasan ondoren, 2008. urterako %7,14-ko igoera aurreikusten da, berriz ere inolako justifikaziorik gabea. Horregatik guztiagatik, 2007. urteko tarifa ez igotzea proposatzen dugu.

Era berean, jarduera komertzialik ez duten lonja eta garajeei ezarritako tasa bertan behera uztea proposatzen dugu. Izan ere, lokal eta garaje hauen jabeek tasa honi dagokion zerbitzua erabiltzen duten ala ez aurretik jakin gabe ezarri dute tasa hau. “Jarduera Soziokulturalak burutzeko Lokalak” izenpean onartutako atalari dagokionez, atal osoa baliogabetzea proposatzen dugu, aurretik dagozkion zehazpenak finkatu gabe ari baitira ezartzen tasa hau.

 

B idazpurua.- Kirol-instalazioetarako harpidedunak, sarrera-txartelak eta alokairuak.

Kirol-jarduerak benetan herrikoi eta partehartzaileak nahi baditugu, euren garestitze artifiziala ekidin behar dugu prezio eskuragarriak izan ditzaten. Tasa honek azken 4 urteotan %22 eta %27 bitarteko garestitzea jasan du, KPI-ak izandakoaren bikoitza, hain zuzen ere. Hortaz, aurten aldaketarik gabe mantentzea proposatzen dugu.

 

D idazpurua.- Kultur-jarduerak

Aktan jasotakoari eta ordenantzen azterketan ondorioztatutakoari erreparatuz gero, badira erabat zehaztu gabe dauden hainbat kontu. Esaterako, ez dago batere argi igoera %2,7 edo %27-koa izan den, udal zerbitzu tekniko informatikoa aurretik bazegoen ala batzar honetan adostutako kontua den, orduko 30 edo 23,7 euroko kostua izango duen,…Nolanahi ere, tarifei soilik KPI-aren igoera aplikatzea proposatzen dugu.

 

H idazpurua.- Kanposantuaren zerbitzuaren prestazioa

Ez dago %3-ko igoera aplikatzeko inolako justifikaziorik. KPI-aren igoera ez gainditzea proposatzen dugu.

 

5) Hondakindegia erabiltzeko tasa

%6-ko igoerak ez du inolako justifikaziorik. KPI-aren igoera ez gainditzea proposatzen dugu. Era berean, deigarria da urteetan hondakindegia dagoen egoeran mantendu izana, neurriz kanpo betea eta betebeharreko baldintzarik gabe.

 

6) Udal eremu publikoaren erabilera pribatibo eta ustiapen berezirako tasak

 

A idazpurua.- Bide publikoaren lur-azpia, lurzorua eta hegala okupatzeko tasa

Herritar guztiongan eragina duten oinarrizko tasak KPIa baino askoz gehiago igotzen diren bitartean, elektrizitate eta telefonia enpresengan eragina duen tasa hau aldaezin mantentzen da, enpresa hauen azken urteotako hazkundea nabarmena izan arren.

Harrigarria iruditzen zaigu tasa honi dagozkion diru-sarrerak iaz baino urriagoak izatea, kontuan hartuz segur aski benetako fakturazioa nabarmen hazi dela.

Honako hitzarmen hau Batzar Nagusiei helaraztea proposatzen dugu: Batzar Nagusiek onartutako Arau Foralaren ondorioz Agurainen tasa honi dagozkion diru-sarrerak murriztu egin direla ikusita, Udalak egoera honekiko duen desadostasuna adierazi nahi dugu eta, bide batez, gure proposamena zabaldu Arau Foralaren onarpenaren aurretik zeuden diru-sarrerak bermatzeko Batzar Nagusiek neurriak har ditzaten.

 

7) Euskararen erabilpenari buruzko ordenantza

 

Ez gatoz bat euskara ikastaroetarako diru-laguntzak 500 eurotara mugatzen dituen erabakiarekin. Gure ustez, Lautadako euskaltegiko ikastaro oso bat diruz lagundu beharko litzateke eta hauen prezioa 511eurokoa da momentu honetan (654 eurokoa autoikaskuntza bidezkoa). Horretaz gain, ikastaroan ikasitakoa praktikara eramateko, 15 eguneko barnetegia ere diruz lagundu beharko litzateke. Gaur egun ezarrita dauden diru irizpideak kontuan hartuta, langabeak baino ezin dute diru-laguntza hau jaso; oso soldata baxua izan behar da, errenta aitorpenaren arabera, laguntza hau jasotzeko. Gure aburuz, udal inbertsio ekonomikoak areagotu beharko lirateke benetan euskararen ezagutza eta erabilpena sustatu nahi bada, araudiaren helburuetan azaltzen den moduan.

 

Honetaz gain, honako hauek ere aldatu edo ordenantzetan sartzea proposatzen dugu:

 

 

1. artikulua: Euskara da Euskal Herriko nazio-hizkuntza, eta, era berean Aguraingo Udal eta Udalerriko hizkuntza .

 

3. Artikulua.

1. Udal langileek herritarrei euskaraz hitz egingo diete, azken hauek erabili nahi duten hizkuntzari buruz egindako aukera errespetatuz. Horretarako, herritarren eskariari euskaraz erantzun diezaioketen udal langileek “Nirekin Euskaraz” inskripziodun errotuluaren bidez identifikatu beharko dute bere burua dagokien  lanpostuan.

 

5. artikulua: Bulego eta lan-geletako errotuluak eta bestelako adierazleak euskaraz egongo dira. Hala ere, egoerak horrela eskatuko balu, euskarari lehentasuna emango dioten bertsio elebidunak eskainiko dira.

 

6. artikulua: Udal zigiluak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira, euskarari lehentasuna emanez.

 

8. artikulua: Aguraingo Udalerrietan edo Euskadiko gainerakoetan helbidea duten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduko zaizkien berriemateak edo jakinarazpenak euskaraz eta gazteleraz izango dira, beti euskarari lehentasuna emanez, eta udal entitateak aurretik jarritako egitura eta eredua erabilita. Baldin interesdunak idatzia euskara hutsean jasotzeko gogoa agertzen badu, honela helaraziko zaizkio berriemate edo jakinarazpenak.

 

9. artikulua:

1. Udal propaganda, kartelak, iragarkiak, e.a., ordenantzak, udal barruko eta udal entitateari atxikitako erakundeen erregelamenduak, baita aurrekontuak, eta bandoak euskaraz eta gazteleraz idatziko dira, beti euskarari lehentasuna emanez. Aldizkarietan eta, orokorki, udal argitalpen guztietan gutxienez testuaren %50ean euskararen presentzia bermatuko da.

 

2. Era berean, udal ebazpenak bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira Aguraingo Udalak egituratutako ereduetan, beti euskarari lehentasuna emanez.

 

11. Artikulua.- Udal kide anitzeko organoen bilkuretarako deialdiak bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira, beti euskarari lehentasuna emanez; laneko hizkuntza bezala euskara hartu izan duten organoei dagozkienak salbu, hauek euskaraz bakarrik gauzatuko dira, itzulpena horrela eskatzen duten kideei bakarrik eginez.

 

20. artikulua:

  1. Dirulaguntzen zenbatekoa:

“Errotulua eta kartelak euskara hutsez jartzekotan, Udalak kostuaren %90 ordainduko du (600 euro gehienez); eta elebidun jartzekotan, testuaren kokapen, tamaina eta intentsitatean euskarari lehentasuna ematen baldin badio, dirulaguntza %45ekoa izango da (300 euro gehienez).

 

- Eraikuntza, instalakuntza eta lanen gaineko zergan gutxienez kartel guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idaztea exijituko da, testuaren kokapen, tamaina eta intentsitatean euskarari lehentasuna emanez. Egungo legediaren aplikazioak aurrekoa bermatzen ez badu, goian proposatutako a) xedapena aplikatuko da.

 

 

                                   Aguraingo EAE-ANV Udal Taldea

 

Ana Larreina Saez de Cerain        Nuria Garcia de Andoin    Jon Goikuria Aristorena         

                                              

 

Agurainen, 2007ko Azaroaren 20an

 

 

 

Noticias Anteriores

 

Inicio -- Natura -- Galería -- Plenos -- Arqueología -- Visita -- Opinión

clear1x1.gif
Inicio Correo