Udal Barne Araudiaren hasierako onespenari buruzko alegazioak
Agurain, 15/08/2007
Udal talde berriak, bere karguaren jabetza hartu ondoren izandako lehen biltzarrean, Udal Funtzionamendurako Barne Arautegiaren lehen onarpena eman du.
Arautegi hau, azken udal hauteskundeetan Aguraingo %25 bozka emaileen eskubide zibil eta politikoak ukatuz, demokraziaren aurka sortutako testuinguru batean onartua izan da eta AGA-PNV eta EB-Aralar aldetik ez da “DEMOKARZIA ZERO” egoerari aurre egiteko deus ere egin.
AGAK aurkeztu duen arautegia Udalak azken urte hauetan izan duen funtzionamenduaren isla hutsa da, zaharkitua eta gehiengoa duen alderdiaren neurrira eginikoa, beste talde politiko guztien lana oztopatzeaz gain bizilagunen partehartzeari batere laguntzen ez diona.
Hauek dira EAE-ANV udal taldearen aldetik aurkeztu ditugun
alegazioak
AGURAINGO UDALARI
Alegazio hauek azken udal hauteskundeetan boto-emaileen %25a ordezkatzen duen EAE-ANVko udal taldeak aurkezten ditu. Gogorarazi nahi dugu udal hauteskundeak Estatu espainiarrak aguraindarroi eta udal talde honi eskubide zibil eta politikoak ukatzen zaizkigun egoera batean burutu zirela eta egoera hori iraunarazten ari dela. Udalbatza berriak, errealitate horren jakitun izanik, egoera hau gainditzeko bere eskutan dauden neurriak lehenbailehen gauza ditzala berriro mahai gaineratzen dugu. Horrela herriak hautatutako udal ordezkari guztiok baldintza berdinetan aintzakotzat hartuz, Aguraingo herritar guztiok udal kudeaketan esku hartzea ahalbidera dezan.
Udal Barne Araudiari proposatzen dizkiogun alegazioak ondorengoak dira:
1.- Egun indarrean dagoen Euskararen Udal Ordenantza betetzearren Barne Araudia honen euskarazko bertsioa egin, onartu eta argitaratu behar da.
2.-
1.artikuluan ondorengoa eranstea proposatzen dugu: “Udal organoetan euskararen erabilera normalizatzearren Udal Organoetan Euskararen Erabilerarako Araudian zehazten da. Halaber, Araudi horren aplikaziorako urratsak Udal Organoetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plangintzan zehazten da.”
3.- 2.artikuluan ondorengoa eranstea proposatzen dugu: “Barne Araudi honen arauen aplikazioak Alkatetzan, udal organo guztien eta hiritarron arteko harremanetan eta Udalak ordezkaritza duen erakunde, elkarte publiko zein pribatu, ikastetxe, etab… guztietan ere eragina izan behar du.”
4.- 3.artikuluaren ondorengo idazketa proposatzen dugu: Aguraingo Udaleko Batzorde informatibo iraunkorrak honakoak izango dira:
a) Ogasuna, Ondarea, Pertsonala, eta Formazio Batzordea
b) Hirigintza Batzordea
c) Ur eta Ingurugiro, eta Mendi Batzordea
d) Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Jaiak Batzordea
e) Euskara Batzordea
f) Gazteria Batzordea
g) Genero Parekidetasun Batzordea
h) Eskubide Sozialen (Ongizate) Batzordea
i) Hiritarron eskubideak eta Emergentzia Batzordea
j) Sozio-ekonomia: hezkuntza, enplegua, hiritarron formazioa,hiritarron lan-baldintzak, komertzioa eta turismo Batzordea
k) Hiritarron Parte Hartzea Bultzatzeko Batzordea
5.- 7.artikuluan ondorengo aldaketa proposatzen dugu: Batzorde Informatiboek hamabostaldian behin burutuko dute bere ohiko bilkura. Batzorde informatiboen ohiko bilkurak arratsaldeko zazpietan burutuko dira eta ez ohiko bilkuren ordutegia zehazterakoan, herritarron partehartzea ahalbideratu behar da.
6.-9.artikuluan ondorengo aldaketa proposatzen dugu: Batzorde informatiboak publikoak izango dira eta hiritarron nahiz elkarteen ordezkarien parte hartzea Herritarron Partehartzea Bultzatzeko Araudian zehaztuko da.
7.- Gobernu Batzordearen atala: 14.,15.,16.17.,18.,19.,20., 21., 22. artikuluak, bertan behera geratzea proposatzen dugu.
8.- 23.artikuluan ondorengoa proposatzen dugu: Aguraingo Udalak Osoko Bilkura hamabostaldian behin burutuko du. Osoko Bilkurak hileko bigarren eta laugarren ostegunetan burutuko dira, arratsaldeko 7etan.
9.- 24.artikuluan herritarron partehartzeari dagokiona Herritarron Partehartzea Bultzatzeko Araudian agertzen den arabera arautzen da.
10.- 25.artikuluan ondorengo idazketa proposatzen dugu: “Udal talde guztiek ez ohiko Osoko bilkurak eskatzeko eskubidea dute. Beraz, edozein Udal taldek Ez Ohiko Bilkura eskatzekotan, Alkatetza, araudi honen arabera, deialdia egitera behartuta dago. Eskaera horiek egiten direnetik gehienez zazpi egun igaro daitezke eskatutako Ez Ohiko Osoko bilkura horiek burutu arte”
11.- Ondorengo idazketa izango duen artikulu berria eranstea proposatzen dugu: Udalari beste edozein erakunde, enpresa, eta bestelako guneetan dagokion ordezkaritza erabakitzerakoan ondorengo irizpideak aplikatuko zaizkio:
- egun ordezkari kopurua ahalbidetzen duen kasuetan, edota ordezkaritza horretan aldaketa proposatuz ahalbidetu daitekeen kasuetan udal talde guztiok ordezkaritza izatea lehenetsiko da, erabakiak hartzerakoan udal talde bakoitzari herritarron borondatearen arabera dagokion erabaki kuota/portzentaia errespetatuz.
- ordezkari kopuruak ez badu ahalbideratzen eta kopuru horretan aldaketa bideratzea posiblea ez bada, beti ordezkari kopurua banatzerakoan herritarron borondatearen arabera udal talde bakoitzari dagokion ordezkaritza islatuko eta errespetatuko da. Egoera hauetan ordezkaria/k gune horietan eztabaidatzen eta erabakitzen diren gaiei buruzko informazio guztia udal hautetsi guztiei eman behar die eztabaida bideratuz erabakiak hartu aurretik.
Halaber Herritarron Parte Hartzea Bultzatzeko Araudiaren arabera ordezkari horiek herritarrak informatuko dituzte eztabaida bideratuz eta herritarron iritziak eta proposamenak jasotzea ahalbideratuz.
Atal honen zehaztapena Udalak dituen ordezkaritza zehatzen arabera egingo da eta agintaldi bakoitzaren hasieran Udal Barne Araudiaren eranskinean jasoko da.
12.- Ondorengo idazketa izango duen artikulu berria eranstea proposatzen dugu: Herritarrok hautatutako udal ordezkari guztiek informazioa eskuratzeko duten eskubidea zehaztuko duen Udal Informazio Eskubidea Bermatzeko Araudian jasoko da.
13.- Alegazio hauek onartzeaz gain, ondorengo akordioa onartzea proposatzen dugu: Udal Barne Araudi honetan jasotzen diren eta araudia garatuko duten ondorengo Araudiak datozen hiru hilabeteotan eztabaidatzeko eta onartzeko konpromisoa hartzen da:
- Udal Organoetan Euskararen Erabilerarako Araudia eta bere aplikaziorako Udal Organoetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plangintza.
- Herritarron Parte Hartzea Bultzatzeko eta Bideratzeko Araudia
- Udal Hautetsien Udal Informazio Eskubidea Bermatzeko Araudia
- Udal Aurrekontu Parte Hartzaileak Bultzatzeko eta bideratzeko Araudia.
Agurainen, 2007ko Abuztuaren 6an
Aguraingo EAE-ANV Udal Taldea
Ana Larreina Saez de Cerain
Jon Goikuria Aristorena
Nuria
Garcia de Andoin

|